Apirilaren 12an bukatuko da lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntza ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren behin-behineko izen-ematea.
Prozedura horri esker, titulazio ofizialik ez duten pertsonek esperientzia profesionalaren edo prestakuntza ez-formalaren bitartez eskuratutako ezagutzak eta trebeziak egiaztatu ahal izango dituzte. Aitorpen horrek egiaztatu egiten ditu lan profesional jakinei lotutako gaitasun-unitateak (ikusi 2019ko otsailaren 18ko Ebazpeneko I. eranskina) [I. eranskinaren deskarga].
Hiru fase ditu gaitasun-unitateak aitortzeko prozesuak:
- Aholkularitza: dagokion sektore profesionaleko adituek interesdunaren historia berrikusten dute, eskuratutako gaitasunak identifikatzen dituzte eta hurrengo fasera igarotzeko edo historia prestakuntzaren bitartez osatzeko egokitasuna baloratzen dute.
- Ebaluazioa: batzorde batek egiaztatu egiten du interesdunak eskatzen duen egiaztapena eskuratzeko gaitasunak dituela.
- Egiaztapena: administrazioak ziurtagiri bat ematen du egiaztatutako gaitasun bakoitzeko. Ziurtagiriak metatu egin daitezke profesionaltasun-ziurtagiria eskatze aldera.
Aitortzen ez diren gaitasunak Hobetuzek eta Lanbidek doan eskaintzen dituzten lanbide-heziketako modulu-katalogoko prestakuntza-moduluen bitartez eskura daitezke.
Prozedura hori hasi nahi dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, besteak beste:
- 1. mailako kualifikazio profesionaleko gaitasun-unitateetarako: 3 urtez lan egin izana, gutxienez 2.000 ordu, edo erlazionatutako prestakuntza ez-formala jaso izana 210 orduz.
- 2. eta 3. mailako kualifikazio profesionaleko gaitasun-unitateetarako: 2 urtez lan egin izana, gutxienez 1.200 ordu, edo erlazionatutako prestakuntza ez-formala jaso izana 300 orduz.
Eskabidea (IV. eranskina) [IV. eranskinaren deskarga] apirilaren 12a baino lehen aurkeztu beharko da II. eranskinean jasotako edozein lanbide-heziketako zentrotan [II. eranskinaren deskarga].
Informazio gehiago: [PDFaren deskarga: 2019ko otsailaren 18ko Ebazpena osorik].